XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tumore-Markatzaileen (T. M.) definizio orokorra eman behar bagenu, tumore baten presentzia eta garapenaren seinale den edozein substantzia dela esango genuke.

Definizio hau, dudarik gabe, orokorregia da gaur egun ekintza klinikoan Tumore-Markatzaile (T.M.) izenak adierazten digunaren aurrean.

Eta nahiz eta T.M.ek aipatu baldintza orokor hori bete, antigeno/antigorputz fenomeno inmunologikoarekin zerikusi handia duten zerbait bezala agertzen zaizkigu.

Eta hori da hain zuzen, T. M.en oinarrizko berezitasuna: tumorearen antigenoak medio, sortzen diren substantzia ezagun eta neurgarriak izatea.

Zentzu honetan, esate baterako insulinoma bategatik (insulina ekoizten duen tumoreagatik) pazientearengan aurkituko genukeen gehiegizko insulina -kopurua, nahiz eta zentzu orokor batean eta hasierako definizioari jarraituz Tumore-Markatzaile bat izan, ez genioke insulinemia (odoleko insulina-kopurua) altu horri T. M. izena emango.

Bestalde, insulinomaren adierazgarri den insulina-mota berezia edo beste substantzia berezi bat aurkituko bagenu (detektagarria edo/eta neurgarria) zentzu zehatzagoan (klinikan erabiltzen den horretan) izango litzateke T. M.

T. M.ak tumoreak edo bere eraginez organismoak sorterazten dituen substantzia antigenikoak lirateke, eta substantzia hauek tumorea egotearen eta garapenaren seinale lirateke.

Sailkatzeko modu bat baino gehiago daude.

Bata bere konposizio kimikoan oinarritutakoa da (glikoproteinatan, karbohidratotan sailkatzen dituena) eta beste bat dagoen lekuari dagokiona (eta azken hau da ezagunena).

Antigeno hauek (T. M.ak) neurtzeko eta detektatzeko modu asko daude, eta zein toki edo ataletan neurtzen ditugunaren arabera sailkatzen dira.

Adibidez, T. M.ak ehunean detekta daitezke eta ehuneko T. M.ak izanen dira, zirkulazioan (sueroan) ere suma daitezke eta orduan zirkulazioko T. M.ez mintzo gara, beste batzuk zelularen nukleoan daude eta horiek T. M. nuklearrak dira, edo zitoplasmakoak....

Guk hemen aztertuko ditugunak, zirkulazioko T. M.ak izango dira; izan ere ezagunenak bait dira eta aldi berean erabilienak ere bai.

Pazientearen sueroan sumatzen dira, eta horretarako odol-kopuru txiki bat ateratzea baizik ez da behar.

Suero horretan dagoen T. M.a neurtzeko antigeno/antigorputz erreakzioan oinarritutako metodoak erabiltzen dira.

Metodoen artean duela gutxi arte erabiliena eta ezagunena, erradioinmunosaioa (RIA) izan da, baina badago entzimoinmunoentseiua ere; etorkizunean RIAk baino garrantzi handiagoa izanen duena, erradioaktibitaterik erabili behar ez duelako.

Fotometria bidez neurtzen dira T. M.ak entzimoinmunoentseiuan.

Ondoren laburki, erradioinmunosaioaren (RIA) berezitasunak aipatuko ditugu.

Sumatzeko edo detektatzeko sistema honen oinarria, antigeno/antigorputz batuketa eta isotopoen markaketa elkartzean datza.

Batuketarako egokia den ingurunean (disoluzioan), kimikoki berdinak diren bi molekula (antigenoa edo antigorputza) bata bestearengandik bereizten dituen gauza bakarra batak atomo erradioaktibo bat atxekirik izatea delarik, lehia egiten dute antigorputz edo antigenoarekin batasuna lortzeko.

Batutako konplexuak aske dauden molekuletatik banatzea, metodo ezberdinez lor daiteke.

Horrela atomo erradioaktiboa duten eta ez duten konplexuen kopurua berdintsua izango da.

Atomo erradioaktiboa duten konplexuen kopurua, sorterazten duten eta neur daitekeen erradiazioaren araberakoa izanen da.

Disoluzioan aske dauden molekulez garbitu ondoren hasierako antigorputz edo antigeno-kopurua dakigunez (erradiazioaz dagoena eta gabea berdinak), konplexu horiek igortzen duten erradiazioa (gamma izpiak bereziki) problema den antigeno edo antigorputz-kopuruaren araberakoa izango da.

Gurutzetako ospitalean, aipatutako oinarrizko RIA hau erabiltzen da, baina aldakuntza xumeren batekin.

Ondoren, 1. irudian, CEA (Ag. kartzinoenbrionarioa) neurtzeko erabiltzen den metodoa ikus genezake; (...).